IKT

Ikastolen Elkarteak bere aitzindaritza eta esperientzia frogatuak ditu hezkuntza eremuko I+G+B egitasmoak eta proiektuak burutzean, euskal eskolaren gestioan, oro har. IKT alorrean 15 urte baino gehiagoko esperientzia dugu, euskarazko eta euskal kulturan ardaztutako software kurrikularra eta aisialdikoa ekoiztean aitzindaria izanez, eta bide honetatik eskola-gestioari zuzendutako aplikazio informatiko propioak sortu, esperimentatu, burutu eta berritzera iritsi gara, eskola erkidegoaren baitako komunikazioa errazteko aplikazioak ere sortu eta eguneratzen jarraituz.

 

Orioko Herri Ikastola, Kooperatiba Elkartea bestalde, kalitatea ezaugarri dugula, IKT Plana deituriko egitasmoa garatua dugu azken urteotan. IKT plan honen xedez, Informazio eta Komunikazio Teknologietan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa egitea izan da, IKTak gure Ikastolan garatzeko plana diseinatuz eta aurrera eramanez hasiera-hasieratik ikastola pilotu izanez.

Ikastolak behar duen hardware, software, profesionalen prestakuntza eta dinamizazioa antolatzen ditu IKT planak, bai hezkuntza prozesuan eta bai eskolaren kudeaketan, modu koherente eta aproposean.

Informazioa bilatu, prozesatu eta komunikatzeko konpetentziak bermatuz ezagutza sortzeko gai diren ikasleak hezi behar ditugu. Horretarako, irakasleek, ikastolen pedagogia-curriculum proiektuekin bat datozen IKT baliabideak erabiliz, metodologia berritzaileak eta kolaborazio proiektuak bultzatu behar dute eta horretan laguntzen ahalegintzen gara IKT proiektutik.
Ikasmaterialgintza proiektuetaz gain, ikas-irakaskuntza prozesua hobetzera zuzenduriko IKT baliabideak ezartzen ditugu Ikastolan. Euskarrien arteko osagarritasuna zaintzen da (papera, IKTak…), ekimen guztiak bateratzeko konbinaketa metodologikoak arakatuz eta materialgintzaren eta prestakuntzaren arteko lotura zuzena ere landuz.
Aipatu, ikasmaterial honeen erabilerarako, Ikastolako profesionalen inplikazioa ahalbideratzen dela, hezkuntzan, gelan bertan, curriculum arloa eta IKT teknikariak…bilduz.

I+K teknologiak gure eguneroko zereginetan txertatuta ditugu Orioko Herri Ikastolan, kudeaketa eta antolaketan zein ikas-irakaskuntza prozesuan, hau da, IKTak ikastolaren Hezkuntza Proiektu eta Proiektu Kurrikularrean integratuta izatea lehentasuna da guretzako..

“Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma”ren arabera IKT konpetentzien definizioa hauxe da:

“Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko: informazioa kudeatzeko, elkarlanean aritzeko, ekintzaile izateko eta horrekin guztiarekin ezagutza sortu eta partekatzeko".

Hezkuntzaren xedea, gizakiak, gizabanako gisa, gizartekide gisa eta izadikide gisa, ahalik eta gaitasun gehien garatzea da. Ikasleari, bizitza guztirako baliagarri izango zaizkion oinarrizko baliabideak eskaintzea: Euskal curriculumaren arabera, gazte batek bizitzarako behar bezalako prestakuntza izango du, zenbat eta derrigorrezko eskolaldian– oinarrizko –konpetentziak, orokorrak eta espezifikoak gehiago garatu:

Ikasleek oinarrizko konpetentzia hauek lortzeko, IKT baliabideek izugarrizko aukerak eskaintzen dizkie, lan egiteko era berriak ahalbideratzen ditu, beti ere ikasleak eragile aktibo bihurtzeko asmoz.

Ezagutza eraikitzeko, partekatzeko eta zabaltzeko aukera berri honek, konpetentzien lorpenaren mesedetan jarri behar ditugu eta honekin, ikaskuntza prozesuan eragiteaz gain, gure gizartean eragiteko aukera ere zabalduko genuke. Hori da Orioko Herri Ikastola, Kooperatiba Elkartearen helburua eta erronka.