Orioko Herri Ikastola EMBRYO proiektuan aitzindari

2020an, DBH4. mailako teknologiako ikasgaia EMBRYO proiektuan (Engaging pupils into manufacturing: from valleys and local approach to international level) murgildu da, Ikastolen Elkartearen laguntzarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Europako Batasunak sustatzen duen proiektua da eta bere helburua da gazteak manufakturaren mundura hurbiltzea.

Hasteko, teknologiako saioetan, ikasleek programazioari, sentsoreei eta metalen konformazioari buruzko teoria jasoko dute eta, jarraian, mahai prentsa bat eraiki eta programatuko dute. Bigarren fase batean, ikasleek proiektu bat garatuko dute eta bertan, prentsa horrekin hainbat metalezko pieza fabrikatuko dituzte. Horrez gain, ikasle parte hartzaileek  bisitak egingo dituzte enpresatako instalazioetara, esate baterako DANOBAT taldeko GOITIra.

Orain abian jarri den proiektua 2020 osoan burutuko da, eta lehen proba pilotuan Orioko Herri Ikastola eta Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolako DBHko ikasleek hartuko dute parte. Lehen esperientzia honekin prozedura zehaztu eta hobekuntzak proposatu nahi dira. Izan ere, 2021etik aurrera espero baita proiektua Euskadiko ikastetxe gehiagotara eta Europako hainbat herrialdetara eramatea. 

Bisitak inguruko enpresetara

Programa horren baitan, DBH4ko ikasleek inguruko hainbat lantegi bisitatuko dituzte, hauek nola lan egiten duten aztertzeko. Urtarrilean Iruñako Volkswagen lantegia bisitatu zuten eta matxoaren 6an, berriz, robotikan diharduen Zarauzko Larraioz enpresa. Azken honek, produktuen ekoizpenean laguntzeko roboten konfigurazioa eta programazioa garatzen ditu. Ikasleek robotak nola diseinatzen eta sortzen diren ikusi zuten eta, robotak gidatu eta maneiatzeko aukera ere izan zuten.

Apirilean Danobat enpresa bisitatuko dute.