AGURRIK EZ, LASTER ARTE BAIZIK!

AGURRIK EZ, LASTER ARTE BAIZIK!

Guraso, lankide, ikasle eta ikastolakide estimatua,

Atzoko Ez-Ohiko Batzarrean adierazi bezala, zuzendari lanetan ez naiz arituko hemendik aurrera. Hori dela-eta, zorrien ipuin eta bertsoetarako “bakarrik” erabiltzen den ohar-boletin hau erabili nahi nuke eskerrak emateko.

Ikastolan 25. ikasturtea egitera noan honetan, horietatik 13tan zuzendari aritu naiz. Buruan kolpea hartu eta euskara ahaztu zuen ingeleseko irakasle izatetik, bestelako burukomin eta bihotz-min izatera. Baina beti izan dut memoria selektiboa, horregatik momentu mingotsak ahaztu eta une gozoak bakarrik ditut gogoan: nire ondoan nirekin batera lanean aritu diren pertsona guztiekin egindako irri eta algarak, muxu eta besarkadak, elkarrekin partekatutako emozio sakon eta sarkorrak.

Jakin badakit denekin ez nuela asmatuko, ziur naiz mina ere eragingo nuela egindako edo esandako zerbaitekin. Pertsona guzti horiei bihotzez sentitzen dudala esan nahi diet, atzera egin eta konpontzeko aukera banu, edozer emango nukeela min hori sendatzen ahalegintzeko.

2002an zuzendari kargua hartu zuen pertsona 17 urte beranduago pertsona hobeagoa egiten lagundu duten guzti guztiak eskertu nahi nituzke: hasi Udalean lankidetzan aritu naizen alkate eta zinegotzietatik, herriko eragileak, Ikastolako guraso, ikasle eta lankideak, Artezkaritza Kontseilukideak, batik bat, lehendakari guztiak: Pello, Eneko, Jokin, Gema, Jokin… Anuska eta Nerea. Erria txikota egin genuen, baina lagunarteko sokarik ez da etengo.

Hala ere, hitzak falta zaizkit zuzendaritza taldean nirekin aritu diren lagun guztiak eskertzeko: Joanito, Usoa, Arantxa, Leire, Marisa, Iñaki Z, Iñaki B, Jon R., Amaia U., Karlos, Jaione, Imanol, Jaime, Jasone eta Eneritz. Elkarrekin pasatako momentu gogoangarriak nire altxorren kutxan eramango ditut betirako (hartzik ez dut ehizatuko, zezena baita dena): mila-miloi esker hain ondo zaindu eta babesteagatik.

Datorren taldea bikaina da, zoragarria, lankide prestuak eta ongi prestatuak, lanerako sekulako gogoa dutenak, Ikastola bizi-bizi barruan daramatenak. Babestu eta zaindu ditzagun guztion artean, mesedez.

Agurrik ez, bidean topatuko gara, Ikastolaren uheran, gure-nire bihotzeko Ikastolarenean.

 

Zigor Saizar Uzin

Zuzendari-ohia