Elkartasun tonbola Gabon gauean

Elkartasun tonbola

Aurten ere, urtero bezala, Orioko ikastolako DBH4ko ikasleok antolatutako Elkartasun Tonbola ospatuko da Gabon egunean. Badira urte batzuk antolatzen hasi ginela, eta jendeak harrera bikaina egin izan dio. Aurten, gainera, leku berrian jarriko dugu tonbola: Ikastola aurreko zabalgunean. 

Tonbolan eskuragarri egoten diren sariak, dendaz denda eta tabernaz taberna pasa eta bertakoek borondatez emandako opariak bilduta lortzen ditugu. Aurten ere Orioko komertzioei laguntza eskatu beharrean gaude. Izan ere, beraien eskuzabaltasunari esker antolatu dezakegu tonbola. 

Tonbolaren bidez lortutako irabaziak, bi zatitan banatzen ditugu: irabazien erdia, martxoan egingo dugun Ikasketa Bidaia finantzatu ahal izateko, eta beste erdia, berriz, Rwandako Gihara herriko eskolara bidaltzen dugu, bertan ezinbestekoa duten materiala erosi ahal izateko. Horregatik deitzen zaio Elkartasun Tonbola.

Besterik gabe, gure eskerrik beroenak urtero hau guztia aurrera eramaten laguntzen diguzuen guztiei.

Orioko Herri Ikastolako DBH 4ko ikasleak