Irakurzaletasuna sustatzen

Irakurzaletasuna sustatzen

Orioko Herri Ikastolan ere nabaritu da Durangoko Disko eta Liburu Azokaren biharamuna. Argazkian ikus daitekeenez, DBHko liburutegirako liburu berriak jaso ditugu, euskaraz eta gazteleraz. Gaur gaurkoz, DBHko liburutegian euskarazko, gaztelerazko, ingelesezko eta frantsesezko liburuak eskaintzen zaizkie ikasleei, maileguan hartzeko. Orotara, 1.000 liburu inguruko katalogoa du liburutegiak eta iazko ikasturtean 700 mailegutik gora egin ziren.

Lehen Hezkuntzan ez dago liburutegi orokorrik, baina gela bakoitzean liburu txokoa dago. Horrez gain, LHko lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako ikasleek liburu trukea egiten dute beraien artean. Ikasturtearen hasieran, haur bakoitzak gustuko duen liburu bat ekartzen du etxetik eta horiekin liburuen apala sortzen dute gelan. Ikasleek bertako liburuak irakurtzen dituzte, bakoitzak bere erritmoan. Esperientzia benetan atsegina izaten da eta haurrek liburuekiko atxikimendua indartzen dute. Gainera, aukera ematen du liburuei buruzko iruzkinak egiteko, bakoitzaren gustuak definitzeko, iritzia emateko...

Haur Hezkuntzan, bi solairuetan, irakurketarako txoko goxoa dute atonduta, txikitatik irakurzaletasuna une goxo bezala senti dezaten. Apalategiak haurren eskura daude eta eurek aukeratzen dituzte irakasleek propio jarritako liburuak. Honez gain, errutina moduan, egunero kontatzen die irakasleek ipuin edo istorioren bat. HH4 eta HH5ean, hilabeteko azken asteazkenetan, irakurketa saioak egiten dituzte. Goizean, arratsaldean irakurriko diren 5 ipuinen azalak jartzen dituzte kartelera moduan eta haur bakoitzak entzun nahi duen ipuina aukeratzen du. Espazio ezberdinetan banatuta, aldi berean, irakurketa saioak egiten dituzte irakasleek kontatuta.

Zein liburu oparitu Gabonetan?

Gabonetan beti gustura hartzen den oparia da liburua. Galtzagorri elkarteak “ezinbesteko liburuen zerrenda” eta “urteroko gomendioen zerrenda” argitaratzen ditu urtero bere webgunean. Seguru bertan aurkituko duzuela zuen seme/alabentzako opari ederren bat!