Ikastolan KiVarekin jazarpen kasuak murrizten ari gara!

KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da. KiVa programa Finlandiako Hezkuntza Ministerioak finantzatu eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da, eskola-jazarpena murriztea xede duena. Frogatuta dago: KiVa-k eskolan jazarpena murrizten du eta ongizatea hobetzen du! Finlandian, Lehen Hezkuntzako ia eskola guztiak KiVa programa ezartzen ari dira eta Euskal Herriko 75 ikastoletan Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan martxan jarri zen duela 3 ikasturte.

 

KiVa ikasgaietan, ikasleek jazarpenaren kontra borrokatzeko bideak ikasiko dituzte.

KiVa-ren ezarpena era askotan nabari da Ikastolan. Ikasleek KiVa ikasgaiak izango dituzte (10 ikasgai dira, eta bakoitzak 45 minutuko bi saio ditu). Ikasgaietan eztabaidak, taldeko lana, eskola-jazarpenari buruzko film laburrak eta rol-jokoak sartzen dira. Gaiak, berriz, orokorrak –esaterako, errespetuaren garrantzia giza harremanetan– nahiz bullying-arekin lotutakoak dira, hala nola jazarpenaren mekanismoak eta ondorioak. Ikasgai askotan, jazarpenak bere horretan jarraitzean edo hura gelditzean taldeak jokatzen duen rola aztertzen da; ikasleek pentsatuko dute zer modu egon daitezkeen jazarpenari aurre egiteko, eta praktikatu egingo dituzte. Ikastolako korridoreetan KiVa posterrak egongo dira, programa etengabe presente dagoela ziurtatzeko.

KiVa-taldeak eta gelako irakasleak elkarrekin aurre egiten diete jazarpen-kasuei

Programa ezartzen duen Ikastola bakoitzak indar berezien talde bat du –KiVa-taldea–, gutxienez hiru irakaslek edo Ikastolako beste langile batzuek osatua. Gelako irakaslearekin batera, jazarpen-kasuez  arduratzen da taldea. Ikastolako langileek trebakuntza jaso dute, KiVa programa nola ezarri eta jazarpen-kasuez nola kudeatu jakin dezaten.

Zure haurra jazarria izaten ari dela susmatzen baduzu, edo besteei jazartzen ari zaiela uste izateko motiboren bat baduzu, mesedez jarri harremanetan ikastolarekin, auzia ahalik eta modu eraginkor eta azkarrenean bideratu ahal izateko! Jazarpenaren inguruan hitz egin berarekin, baita jazarria ez bada edo besteei jazartzen ez bazaie ere. Garrantzitsua da zuk eta zure haurrak elkarrekin pentsatzea zer egin beharko litzatekeen norbait eskolan jazarria izaten ari bada!

KiVa Gurasoen Gida eskuragarri dago KiVa webgunean: www.kivaprogram.net/basque

Azken 3 ikasturteetako emaitzek frogatu dute KIVA jarraituta jazarpen kasuak murrizten ari direla Orioko Herri Ikastolan

  • Jazarriak: 2016an %15ak jazarria zela esaten zuten ikasleek, 2017an %5,5ak eta 2018an %5,5ak.egin

  • Jazarleak: 2016an %12ak besteak jazartzen zituztela esaten zuten ikasleek, 2017an %1,7k eta 2018an %3ak.