Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Seaskako ikastolekin zubiak eraikitzen

2023/05/02

Maiatzaren 14an ospatuko da HERRI URRATS (Iparraldeko ikastolen alde antolatzen den jaia) Senpereko lakuaren inguruan eta horren aitzakian, ikastolako maila ezberdinak iparraldeko ikastola ezberdinekin harremanetan jarri gara.

Haur Hezkuntzakoak Kanboko ikastolako haurrekin bideo trukaketa egiten ari dira, gure haurrek abestitxo batzuk eta asmakizun batzuk erakutsi dizkiete eta haiek berriz Herri Urratseko abestia abestu digute. 

Lehen Hezkuntzako 1 eta 2 mailakoek ere abesti trukaketa egin dute eta LH3koek postal trukea Sarako ikastolakoekin. LH4-5 Lartzabal kolegioarekin ari da trukaketa egiten eta LH6ko bertsolariak, berriz, bertsoen bidez ari dira harremana eraikitzen.

DBHko ikasleak berriz, Herri Urratseko antolakuntzan laguntzeko Senpereko lakura joango dira aurreprestaketekin laguntzera.


Beraz, ikastolak elkarren artean laguntzen jarrai dezagun, eman diezaiegun bultzada bat eta gogoratu dezagun denok bat garela. Horrexegatik ikastolak autobusa antolatu du Herri Urratsera. Autobusean izena emateko maiatzaren 10a baino lehen izena eman ondorengo galdetegian. Adinez txikiak direnek derrigorrez heldu baten ardurapean joan beharko dute. Ez da onartuko adin txikikoak bakarrik joatea autobusean. 

Orioko Herri Ikastola