Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko

2024/04/25

Horixe dio abesti batek eta halaxe sinistuta gaude Orioko Herri ikastolan.

Aste Kulturalean murgilduta gauden honetan, arratsalde oso batez abesten gelditu gabe aritzeko gai ote ginen edo ez frogatu nahi genuen eta esan genezake baietz, gai garela! 

Horretarako, aurreko asteetan, gela guztietan aurretik aukeratutako abesti batzuk entseatzen ibili dira. Gaurko ekitaldia xumea izan da baina, ez du emanaldi handi batek izaten duen ezer falta izan. Gogoz aritu diren abeslari eta dantzariak oholtza gainean (urduritasunak ere bai tartean), haiei begira ikasle, irakasle eta gurasoak, musika, argi eta “lainoak” dotore jarri dituzten teknikariak eta laguntzaileak… presta daitezela hemendik aurrera Orioko eta inguruetako plazak, badugu eta gure hizkuntza nork zabaldua eta dantzatua. Bejondeizuela guztioi! 

Eskerrak eman nahi genizkieke gaurko arratsalde hau posible egin duten guztiei, batez ere DBH3ko  Axel, Unax, Mikel eta Landerri. Zuek beazalako gazte ekintzailerik gabe ez baitzen hain dotorea aterako arratsaldea.

Ez ahaztu, bihar otsailak 26, ostirala, gure Aste Kulturalaren barruan ekintza gehiago ditugula. 18:00etan hasita, DBHko ikasleek antolatutako Gynkana erraldoian parte har dezakezue eta 19:00etan hasita II.Elbira Zipitria aitortza ekitaldia izango da, ikastolako ikasleen emanaldia tarteko. Hau amaitzean, barrikotea egongo da Ostolaza ahizpen musikarekin alaituta. Beraz, gerturatu plazara eta ondo pasa!

 

Horixe dio abesti batek eta halaxe sinistuta gaude Orioko Herri ikastolan.